XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azaroaren 25ean Sarsfield liberalak Bilbo hartu zuen.

Beste herri batzuetan ere goardia taldeak jarri zituen: Durangon, Otxandianon, Balmasedan, Bermeon, Bergaran, Tolosan, Ordizian, Agurainen eta Trebiñon.

Honela, bada, karlistada hiri eta landako herrien arteko burruka bilakatzen, bihurtzen da.

Hiriei espainiar ejerzitoak laguntzen die.

Liberalek, beren aldetik, Diputazio liberal bat osatu zuten Bilbon, Uhagón eta Maria Egia diputadu jeneral zirela eta Mota korrejidore.

Karlisten Diputazioa, berriz, Gernika aldean zegoen.

Azaroaren 14ean Nafarroako Lizarran elkartu ziren ofizial karlista nafarrak eta Tomas Zumalakarregi izendatu zuten denen buruzagi.

Ikusiko dugunez, Zumalakarregik berak antolatu eta egituratu zituen Euskal Herriko karlista guztiak.

Gerratearen haseran, eta gerora ere bai, gerrilla eran eramaten zituzten beren ekintzak: korreoak geldi araziz, herriak okupatuz, erasoaldiak soldatu liberal talde ttikiei....

Baina, poliki-poliki, harmada organizatu bat bilakatuz joan zen, batalloiak eta eskuadroiak antolatuz.

Karlistek askotan liberal taldeak, alde batetik bestera ibili araziz eta ustekabean erasoz, neka arazi egiten zituzten eta ihes arazten edota fuerteren batetan bil arazten.

Herri xeheak, baserritarrak asko laguntzen zien ekintza horietan karlistei, goraxeago esan dugun bezala, Don Karlos foruen alde zegoelako ustetan.

B) TOMAS ZUMALAKARREGI

Karlistek izan zuten estrategarik hoberena eta mundu osoan ospetsua den Zumalakarregi Gipuzkoako Ormaiztegin jaio zen 1788ko Abenduaren 29an.

1808an Iruinean ari zen ikasten, Napoleonen gudarosteak Zaragoza inguratua zutela jakin zuenean.

Espainiar soldaduei elkartu zitzaien; gerrilletan ere aritu zen, Jauregi Artzaiarekin.

Haseratik nabarmendu zen buruzagi bezala.

Cadizko Korteek komandante maila eman zioten.

Baina Ferrolen zegoelarik, don Karlosen alde omen zegoela eta, bota egin zuten eta Iruineara jo zuen.

Hemen zegoen karlisten jazarketa hasi zenean eta, esan dugunez, kaslisten ofizialen denen buruzagi izendatu zuten Lizarran.

1833ko Abenduan, Etxarri Aranazen, Bizkaiko eta Gipuzkoako Diputazioak haren mende eta esanetara jarri ziren.

Zumalakarregik ez du harmada handirik, ez harma ugaririk.

Baina frantsesen aurkako guduetan ikasitako gerrilla teknika ongi ezaguna du eta, gainera, herriak asko laguntzen dio, bideak erakutsiz eta etsaien mugimenduen berri emanez.

Hala aipatzen du Henningsen ingelesak, Zumalakarregiren bizitzaz idaztean.

Zumalakarregik oso arin hornitzen eta zamatzen zituen bere gizonak, ahalik eta azkarren ibil zitezen eta horrela eraso zezaketen etsaia ustekabean.